Deserosotasunaren sustraiak galdutakoagatik...

Zirrikituetatik begira

Zalantzak

Pilar Kaltzada - Martes, 24 de Enero de 2012 - Actualizado a las 05:38h

KARMELE 32 urte ditu, altua da eta ilehoria. Oso ilehoria, azal argi eta begi urdin-urdinak diren pertsona modu horiek izaten diren bezalakoak. Ilehoriegia eta altuegia eskolan eta adiskideen artean nabarmen ez gertatzeko. Buruz gogoratzen ditu haien txantxak eta isekak, lehengusuen artean ere maiz gertatzen zirenak. Alaba bakarra da eta ez du zerrekin konparatu, ez bada bere gurasoekin edo izeba-osabekin: diferentzia handiarekin, bera da altuena eta ilehoriena. Desberdin izatea zein gene bihurriri zor ote zion galdetzen zion amari gaztetan, eta berak begiak jaisten zituen lurrera, deseroso. Hala sentiarazi izan dio amak haurtzaroko kontuez galdetu izan dion guztietan. Bereziki azken bolada honetan, Karmele haurdun geratu zenez geroztik.

Begoña ere deseroso sentitzen da lapurtutako haurren kontua agertu denez geroztik. Hil zitzaionez geroztik askotan gogoratu izan da erizainak erakutsi zion jaioberriaz, bere alabaz, eta auzi honek orduko ezinegona berritu egin dio. Begiak itxita zeuzkala ezagutu zuen ospitaleko ohean, eta horixe da bere haurraz duen oroitzapen ia bakarra. Nolakoa zatekeen gaur egun gaixotasun arraro hark eraman izan ez balu? Neskatxa ederra, pentsatzen du, Begoñak gerora izan zituen beste bi mutikoen antza handi-handikoa: altua eta ilehoria izango zen neska hura, ia seguru. Bere anaien begi urdin-urdinak izango zituen honezkero 32 urte pasa beharko lukeen hildako alabak.

Karmeleri deseroso gertatzen zaio bere amaren deserotasuna, eta hala aitortu die ospitaleko ohearen ondoan laguntzera joan zaizkionei. Bere senarra Mikelek haurdunaldiaren begitazioak direla dio, eta detaile txiki horiei inportantziarik ez emateko esan dio, irribarre eginez. Total, laster jaiko zaien haurra altua eta ilehoria izango da erremediorik gabe, halakoxeak baitira bai ama kezkatia eta baita aita bera ere. Mikelen amak, Begoñak, buruarekin baietz dio, baina begi urdinetan nabari zaio zalantza egiten duela. Duda egiten du Karmelek. Eta duda egiten du Begoñak ere.

Posted

nire ikuspuntua/mi punto de vista: Para no perder la costumbre...

(download)
Comentario emitido en el programa "Egunon Bizkaia" de Herri Irratia - Radio Popular de Bilbao, hoy lunes, 23 de enero.

Posted

Txikitasunaren haunditasuna gutxien espero denean...

Zirrikituetatik begira

Txikiegia

Pilar Kaltzada - Martes, 17 de Enero de 2012 - Actualizado a las 05:38h

ZUK ez duzu ulertzen zer gertatu den. Hiru urteko ume batentzat zaila da zelulak harrotu egin direla ulertzea, bat-batean gorputza bera etsai bihurtu dela ohartzea. Nola azaldu borroka honetan zeu zarela, aldi berean, arazoa eta konponbidea? Ez duzu ulertzen, eta horri esker ez diozu irribarre egiteari utzi, ezta jolas egiteari edo lagunekin haserretzeari ere. Askotan galdetzen diot nire buruari zer ote den zuretzat minbizia. Maizegi entzuten duzun berba bat, gurasoak, adiskideak, sendi osoa (bere zentzurik zabalenean) hankaz gora jarri dituen dena delako hori. Ez duzu ulertzen, mediku, erizainak edo gurasoak hitz errazen bitartez azaltzen ahalegindu badira ere. Minbiziarengatik eskolara joateri utzi egin diozula ulertzen duzu, hori bai. Minbiziarengatik denok apur bat goibelago ibili garela ulertu duzu. Behar bada horri esker, orain denok hobeto ulertzen dugu badirela bizitzan motibo nahikoak kopeta ez uzkurtzeko.

Ingurukook informazio gehiago dugu. Medikuek gurasoekin hitz egiten dute, zuk ez entzuteko moduan, ahopeka. Tratamendua gogorra eta luzea izango dela esaten diete, eta ulertu dute borrokatu egin behar dugula guztiok. Aurrena zu zeuk, noski, baina guztion esku ere badago, neurriren baten bederen, tunelaren amaieran ikusten den argi mehe horri eustea, kosta ala kosta. Ilea moztera eraman zintuzten egunean, kimio-botika hartu behar duzun egun guztietan, goragalea, nekea edo akidura nagusitzen zaizkizun egunetan, borroka egiten ari dira maite zaituztenak. Negar egin ordez irribarre egitea erabaki dute, eta hori ere borroka egiteko modu bat delako.

Zuk ez duzu ulertzen. Zu txikiegia zara besteok bat-batean zenbat gauza berri ulertu ditugun jakiteko. Txikiegia zara bizitzara behin edo birritan etor daitekeela uler-tzeko. Behin jaioz gero, aukera franko geratzen zaizkigula bizirik sentiarazten gaituzten ilusio txikiez ohartzeko. Zu txikiegia zara eta beharbada horri esker, ematen ari zaren irakasbideak barru-barruraino sartzen zaizkigu.

Posted

nire ikuspuntua/mi punto de vista: El zorro en el gallinero...

(download)
Comentario emitido en el programa "Egunon Bizkaia" de Herri Irratia - Radio Popular de Bilbao, hoy lunes, 16 de enero.

Posted

Baina azukrea gutxi batzuren gustora baino ez....

Zirrikituetatik begira

Denontzako kafea

Pili Kaltzada - Martes, 10 de Enero de 2012 - Actualizado a las 05:37h

Harrigarria da kafea hartzeko zenbat modu desberdin dauden. Kafetegi berberera ingura-tzen naiz ia beti, eta hamaika goiz euritsu eta gero, harreman bitxia sortu dugu: zerbitzariak ongi daki zer nahi dudan nik (kafe ebakia azukrerik gabea) eta horren truke, nik ez dut alde egiten Athletic-en gora-beherei buruz esaldi hutsalik bota gabe. 1,30 euro balio du konplizitatetik oso hurbil dagoen harreman modu honek. Nire ustez, prezio lehiakorra da, merkatuan askoz goragotik ibiltzen baitira harremanen zintzoak.

Neurea gogoratzen duen bezalaxe, egunean zehar barra ingurura doazkion bezero ia guztiekin berdin jokatzen du nire lagun zerbi-tzariak: esne gaingabetua jartzen dio urliari, kolesterolarentzat hobea baita, antza. Esne epela jar-tzen dio beti arineketan dabilenari, tragoxka bakar baten irensteko modukoa. Eta ordu-modu bertsuan han izaten gara guztiok: kafea ez da beste munduko ezer, baina askoz garrantzitsua da, huskeria honetan bezainbeste, bizitzako gainerako alderdietan ere, konfiantza.

Ostalaritzan ulertzen erraza da lege hau; politikan, ordea, ez da sekula gertatzen, edo oso gutxitan. Atentzio handia jarriz ikusten ari naiz egun hauetan dabilkigun krisi latzari irtenbidea aurkitzeko eskaintzen ari diren neurri edo errezetak. Nire bizitzari buruz deus ez dakiten teknokratek erabaki dute jadanik zer komeni zaidan. Erabaki dute, adibidez, soldata anorexikoetatik bizi direnek gerrikoa estutu egin behar dutela gehiago, zulorik ere geratzen ez bazaie ere. Eskandaluzko ondareak azpijokoetan pilatu dutenekin, ordea, ulerkorrago dira: lantzean behin sakarina jarrita nahikoa dela diote.

Ez dakit zein bide erabiliko dugun tabernaz aldatzeko, baina laster handik alde egingo dugu. Halako baten, nekatu eta nazkatu egingo gara. 15M eta gisakoek adierazten dute altxatzen hasia dela haserrearen oihartzuna, oraingoz isila edo sorra bada ere.

Harrigarria da, bai, kafea har-tzeko zenbat modu ondradu dagoen jakinda, egunero denontzako kafe errea harrarazi nahi izatea.

Posted

nire ikuspuntua/mi punto de vista: Ahora viene lo bueno...

(download)
Comentario emitido en el programa "Egunon Bizkaia" de Herri Irratia - Radio Popular de Bilbao, hoy lunes, 9 de enero.

Posted

Burutik kendu ezinezko alperrikako ahaleginak

Zirrikituetatik begira

Obsesioak

Pilar Kaltzada - Martes, 3 de Enero de 2012 - Actualizado a las 05:38h

Egunero korrika egiten du ordu betez edo. Eguna korapilatzen zaionean, gauean egiten du; ohitura dela esaten du, besterik gabe. Harrigarri samarra dela esan diogunean, geure arrarotasunen zerrenda egin digu bi aldiz pentsatu gabe. Autoaren eskuineko atea krisketaz itxi gabe eraman behar du urliak; tabako-paketean zigarreta bat buruz bera jarrita eduki behar du sendiak eta bizarra hileko azken astean baino ez du mozten berendiak. Zozoak beleari...

Ohitura bitxi guztiak ez dira geureak bezain inozenteak izaten, tamalez, eta gaixotasuna izateraino iristen dira maiz. Orain obsesionatu gaitu kontrolak, ez gastatzeak, etorkizunari kopetilun begiratzeak.

Telebistako erreportaje baten ikusi dut emakume baten kasua: etxean dituen gauza guztiek simetrikoki kokatuta egon behar dute eta hala ez denean, buruko min itzelak izaten ditu. Oheratzeko orduan, zapatilak paraleloan utzi behar ditu alfonbraren erdi-erdian. Gosaltzekoan, katiluak mahaiaren erdi-erdian egon behar du, eta bosna zentimetrora koilaratxoa eta zapia. Bitxikeria zatekeen egoera horrek aparteko larritasuna eragingo ez balio. Aspalditxotik ez da kalera irten, hango kaosak zorabiarazten baitu. Lagunen bisitak ere desagertu egin dira ia, urduritu egiten baita jendeak eragiten duen desordenan. Psikiatra bat agertu da erreportajean arrarotasunak eta gaitza nola bereizi daitezkeen argitzeko eta bizitza normala egiteko zaitasuna edo oztopo bihurtzeraino lasai egoteko esan du.

Azken boladan gastuari eustea obsesio bihurtu da. Erakundeetan, etxeetan, lagunartean, besterik ez da entzuten. Neurritik gainera bizi izan gara luzaroan eta orain zentzuz jokatzea dagokigula ikustea ez da txarra. Aztura berria osasungarria izango da, baina obsesio bihurtzeraino iristeak beldurra ematen du. Simetriaren obsesioak kutsatuta, geu ere kalera irteteari utzi egingo diogu, eta baita lagunekin elkarteari ere. Bizitza normala oztopatu baino, eragotzi egingo digu. Adiskide lasterketa-zalearen ohitura ulertzen hasi naiz: neroni ere korrika egiteko gogoa sartu zait eta.

Posted

nire ikuspuntua/mi punto de vista: Cogiendo fuelle...

(download)
Comentario emitido en el programa "Egunon Bizkaia" de Herri Irratia - Radio Popular de Bilbao, hoy lunes, 2 de enero.

 

Posted

Ez da izango aukerarik ez dagoelako, Aprobetxa dezagun ba, beranduegi izan baino lehen...

Zirrikituetatik begira

Bisurtea

Pilar Kaltzada - Martes, 27 de Diciembre de 2011 - Actualizado a las 05:37h

Beste modu batekoak izan nahi genuke, baina garen bezalakoak garela nabari zaigu aunitz keinutan. Barrea eragiten digute txiste arruntek, baina humore inteligentea goresten dugu galdetzen digutenean. Entsegu mardulak hartzen ditugu eskuartean liburu-dendatan, baina bestsellerrak erosten ditugu autobusean irakurtzeko. Dokumental bikainak atsegin ditugula esaten dugu, baina tele-zaborrarekin konformatzen gara. Adiskidetasuna aipatzen dugu bizitzari zentzua ematen dioten sentimenen artean lehena, baina gorriak ikusten ari den lagunari dei egiteko orduan, beti da beranduegi.

Beste erabatekoak izan nahiko genuke, goragoko zereginetarako aukeratutako jainko eta jainkosen modukoak, baina eguneroko bizimodua labadora, erosketa eta berriketa hutsaletan joaten zaigu. Egunak joan eta egunak etorri. Frustrazio pittin bat sortzen du horrek, adinean aurrera zoazen neurrian gero eta gutxiago, egia esan. Oro har, nahikoa eroso mugitzen nahiaren eta ezinaren artean eraiki dugun mundu paraleloan.

Krisi bat behar da lubaki horretan alde batetik bestera igarotzeko. Benetako drama bat, norberaren neurrikoa bada ere. Ikasketa-garaian lagun min-mina zenuen horrek auto-istripu baten semea galdu duela jakitea, adibidez. Anaiaren lantegian EREa egin eta kale gorrian utzi dutela enteratzea, adibidez. Zure arimaren parte baten jabe zen pertsona hori hil egin dela entzutea telefonoaren bestaldetik, adibidez. Orduan ispilua apurtu egiten da mila puskatan, eta zati txiki bakoitzean galdutako aukera guztiak agertzen zaizkizu agerian.

Orduan zerbaitek krak egiten dizu barru-barruan eta dena aldatzen da. Ahoskatutako berba bakoitzari beste zentzu bat ematen diozu, bazter utzitako ohitura zaharrez ohartzen zara, eta damutu eskuarki. Kasurako beranduegi izaten da. Baina ez beti.

Oraintxe, adibidez, aukera ezin hobea duzu: aurrean dituzu 366 egun berri, ongi sailkatuta egutegian. Urte berriak soberako egun opari emango digu, zeurea izan daitekeena. Urte berri on, bada.

Posted